XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

18. Teletipoko albisteak fidagarritasunik ematen ez duenean (adibidez, edozein gatazkatan alde bakarreko iturriak aipatzen dituzten albisteak), berridatzi egiten da erredakzioan, agentzia aipatuz, albistea kontrastatuz, edo, kasua gertatuz gero, kontrastatu ezina adieraziz.

Alegia, irakurleari abisua emanez.

19. Kontuz ibili behar da pertsonaia publikoen iritziekin.

Askotan norbere izenean eginak dira, eta ezin zaizkio, beraz, bere erakundeari egotzi.

Arau hau kontuan ez hartzeak arazo ugari sortu ohi du.

20. Ez da argazki mingarririk argitaratuko, adibidez, istripu edo hilketetan: hildako desitxuratuak, zauritu larriak...

Ez da pertsona iraintzen duen argazkirik onartuko.

Osoko biluztasun nabarmenak atal zientifikoetan onartzen dira, eta baita arte-lanetan ere.

Gainerakoan, benetako interes informatiboa daukatenean argitara daitezke; adibidez, protesta jakin bat egiteko talde batek biluztea erabakitzen duenean.

21. Artxiboko argazkiekin arreta berezia jarri behar da, albistearekin zerikusirik ez duen pertsonarik albiste horretara lotuta ager ez dadin.

Adibidez, pertsona jakin bat ustelkeria kasu batean nahasita ageri bada, argazki berririk izan ezean, baliteke artxiboan pertsona hori beste zenbaitekin batera azaltzea ekitaldi zaharren batean.

Argazki hori berreskuratzen bada ustelkeriaren berria irudiz hornitzeko, moztu egin beharko da, kasu horrekin zerikusirik ez duten pertsonak ager ez daitezen.

Ezin bada moztu, artxiboko argazki horrek ez du balio albiste hori ilustratzeko.

22. Bortxaketa baten kasuan, ez da emango bortxatuaren izen osorik.

Akusatua, salatua, epaitua edo atxilotua adin txikikoa denean, ez da izen osorik emango.

Inizialak ematea ere ez da beharrezkoa izaten halako kasuetan.

Ohar hauek berdin balio dute salaketa, atxiloketa eta epaiketetarako.

23. Prentsa bulego publiko zein pribatu eta komunikazio-kabinete direlakoen prentsa-oharrak albistearen abiapuntua dira, ez albistea bera.

Beraz, ez dira argitara ematen ez badute albiste baterako oinarririk eskaintzen.

24. Plagioa, iturririk aipatu gabe kopiatze hutsa egitea, gaitzesgarria eta onartezina da.

Albistea zuzenean beste medio batetik atera bada, iturri gehiagotara jo gabe, jatorrizko iturria (medio hura) aipatu behar da.